XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ez da egia izango! Mutikoari oheratzeko garaia heldu zitzaion eta oraindik lehortu gabe zegoen egunez jantzitako gabardina zaharra.

- Zer egingo dugu ba, dagoen bezala jantzi eta lo. Gero gerokoak.

Gerokoak, nola ez, etengabeko eztul saioak eta doministiku zaratatsuenak izan ziren.

Amona gajoak ez zuen lokuluxka bat egiteko ere betarik izan.

Itxua izango zen, baina ez behintzat gorra.

Ernio puntatik ere entzungo ziren Martintxoren eztulak eta atxis burrunbatsuak.

- Auj! Auj! - Ai, Martin gaixoa! Pulmonia harrapatzeko ere.

- Auj! Auj! - Ai, Martin kutuna, pulmoniaz hilko ote zait, ba...

- Auj! Auj! - Martin, Martin, zure faltan zer egin behar dut nik? Zer?.

Martin eztul saio larrienak egiten ari zenean, gau triste hartan, elur malutekin batera, zerugoitik beherantz dizdizka argi printza bat jaitsi zen eta... zirrizt! leiho aldetik Martinen lo gelara sartu zen.

Martinek begiak ireki zituen eta ez zekien zer esan, zer pentsatu.

Bat batean hotz guztiak joan zitzaizkion.

Argi printzatik ahots bat heldu zitzaion.

- Martintxo! Zerbait nahi al duzu? - Mutikoari hitzegiteko gogo guztiak hotzarekin batera joan zitzaizkion. Halako ahots eztitsua.

Begira begira jarri eta gelatxoan munduko andre apainena eta maitagarriena agertu zitzaion.

- Mari Ona naiz. Urtziren izartegian bizi den Mari Ona.

Eskatu nahi duzuna, emango zaizu eta.

Martinek ezer eskatzeko adorerik ez zuen. - Eskatu bai, pijama bat.

- Edo Santakutz delako ermitarako organo elektroniko hoietariko bat.

- Edo motor indartsu bat nekerik gabe eskolara joateko.

- Gure Martin zuen antzekoa balitz bai, hori eta gehiago eskatuko luke baina ez, gabardina bustia jantzirik oheratutako mutikoa beste kasta batetakoa zen eta hitzegiten hasi eta hara zer esan zion Urtzi jainko zaharrak bidalitako Mari Onari.

- Baina nik ez badut ezer behar.

- Denetik daukat. Amonarentzat eskatuko banuke? - Oso ongi, aurrera, esan!.

- Amonak ez du ikusten. Eta amonak ondo ikustea nahi nuke.

- Hori, hori da, nik nahi nukeen gauza bakarra, amonak ondo ikustea.

- Ezer gehiago ez? - Ez dakit nola esan... Urtzi jainko zaharraren ondotik bazatoz ezagutuko dituzu nire aita eta nire ama.

- Noski. - Goialdeko izartegira joan ziren gurasoak agurtu nahi nituzke.

- Benetan? - Bai, Mari Ona.

Tximista zital batek eramandako aita eta ama ikusi nahi nituzke.

- Zatoz, ba, zatoz nirekin... Eskutxoa emaidazu.

- Banoa! Eta argi printzatik gora, lehiotik barnera, elur maluten artetik, Martintxo Mari Onaren eskutik helduta Urtzi jainko zaharraren izartegira joan zitzaigun, bere gabardina bustia eta guzti.

Santakutz izeneko baseliza zaintzen zuen serorak gauzak ikusteko ahalmena bereganatu omen zuen, baina zoritxarrez ukatu egin omen zitzaion Martin bizirik ikusteko aukera.

- Negu gogor batetan, pulmoniak jo eta eztulka eta atxiska hil zitzaidan bihotzeko ilobatxoa.